lunes, 18 de junio de 2012

Orreaga - Lindux - Mendiaundi - Askaxarreta - Xuringoa - Orreaga


Alabak argazki-kamera berria du eta zaharra, noski, aitatxorentzat izan da. Beraz, orain neuk ere kamera daukadanez, nire azken txangoko argazkiak jartzea erabaki dut.
Hementxe ba, mendizale bakarti baten irudi batzuk.

TXANGOA: Orreaga - Lindux - Aizperri - Mendiaundi - Menditxipi - Askaxarreta/Menditxuri - Xuringoa - Orreaga.
DATA: 2012ko ekainaren 16a.
IRAUPENA: 4 ordu.
DISTANTZIA: 14 kilometro, gutxi gorabehera.

Orreagatik atera naiz

Orreaga


Nahiz oso goiz izan erromesez lepo zegoen. Argazkiak egin dizkiet bi txirrindulari asturiarrei eta lehenbailehen egin dut ospa inguru turistikotik.

Ibañetara joan naiz Santiagorako bidetik, mendian zehar.

Orreagatik Ibañetarako bidexka

Beti izan dut gustuko (kisch samar -edo dexente- izan arren, onartzen dut) Orreagako guduaren oroigarria, baina memeloren batek kateak lapurtu dizkio eta, baldintza horietan, uko egin diot argazkia ateratzeari. Ibañetan, noski, turistak eta erromesak, horietako bat ermita ondoan kanpatuta.
Orreaga eta Ibañeta ezagutzen nituen, baina hemendik aurrera dena da berria niretzat.

Ibañetatik Gararbideko lepora igo naiz. Hemendik erretiratu omen ziren karlistak Auritzetik. Hortik ikuspegi ederra dago. Astobizkar, suposatzen dut, nahiz eta paraje hauek ez ezagutu.

Gararbideko lepoa

Ikusten ditudan mugarrietan Luzaide eta Auritz arteko muga agertzen da: alde batean B jartzen baita (Burguete) eta bestean V (Valcarlos).

Laster bunker bat ikusten dut (gehiago ikusiko dut txangoaren zehar, garai latzen testigantzak...). Bunker horren ondotik ateratzen omen da Atxistoi, Laurinaga, eta abarrera joateko bidea. Beste egun batean egingo dut!

Bunkerra

Hortik ateratzean izugarrizko suertea izan dut eta oreinkume bat ikusi dut, asaldatuta berehala ihes egin duena.

Pixka bat gehiago igo eta kanadar pasabidea zeharkatuz gero Iparraldean omen gaude. Hortik ikusten da Linduxerako igoera, landatutako pago gaztez beteta.

Linduxerako igoera

Aldapa igo eta Linduxeko tontorra. Hondoan Hautza eta behean Aldudeko ibaia.

Linduxeko tontorra

Eta orain, Linduxetik zenbait ikuspegi. Laurinaga (uste dut):

Laurinaga Linduxetik

Adi, Iturrunburu, Beodegi, Sorotepo:

Adi Linduxetik
 
Eta hartuko dudan bidea. Ataloztiko lepoa, Mendiaundi, Menditxipi eta Askaxarreta (Menditxuri ere deitua) ikusten dira.

Ataloztiko lepoa Linduxetik

Uztartetako kaskora igo eta ikuspegi ederra dago: Albako Harria, Aldudeak, Hautza…

Uztarketako kaskoa

 Aizperriko tontorra. Iturrunburu eta Adi oso dotore.

Adi eta Iturrunburu Aizperritik

Zaldi hau ez da larre hauetaz gehiago gozatuko. Putreek bai egin dutela betekada ederra haren lepotik!

Behi hilotza

Mendiaundiko tontorra. Aurrean, Askaxarreta. Zalantzatan ibili naiz, Txasperrora joan ala ez, eta azkenean ez joatea erabaki dut. Hurrengo batean izango da!

Mendiaundiko tontorra

Askaxarreta eta Pirineoak.

Menditxuri Mendiaunditik

Larre bukolikoak.


Menditxipiko tontorra. Askaxarreta hurbilago agertzen da eta, behean, Auritzeko bailara.

Menditxuri Mendittipitik


Askaxarretako (Menditxuriko) tontorra. Orreaga ikusten da.

Menditxuriko tontorra

Xuringokoako sakanetik jaitsi dut. Urki batzuen parean hartu dut Auritzerako bidea, hasieran sigi-sagan doana larre zabaletatik eta gero zuzenago basoan zehar. Erreka pasatu ondoren eskuinerantz jo dut, Auritzerantz, baina gero saihesbide bat hartu dut, langa bat gaindituz eta izei gorrien arteko bidexka hartuz. Orreagarako bidea da.

Orreagarako bidexka

Basotik jarraitu, Berroko Borda eskuinean utzi eta errepidera ateratzen gara, Orreagako teilatuak begi-bistan ditugula.