JENTILEEN GALTZADA
Zirkularra
Zaldibia - Intsusti - Enirio - Zaldibia
2013ko uztailaren 8
22 kilometro
Zaldibiatik atera gara. Zubiaurre baserriaren ondoan dagoen eskaileratik, 430 maila omen dituena. Jarraian pasatu ditugu honako baserri hauek: Miranda, Okobio, Maiza Ixurrene, Maiza Berri eta Abelin Zaharra (non Lazkao Txiki jaio omen zen).
Handik Amondarain baserrira joateko bi bide agertzen dira seinalatuta. Goikoa hartu dugu eta akatsa izan da. Berriro itzuli eta behekoa hartu dugu. Amondarainen ezkerrerantz jo eta Kobaegiko bidea hartu dugu. Hortik Txindoki eta Ausa Gaztelu ikusten dira.
Zaldibia urrun geratu da.
Kobaegi pasatuta Aralegiko mendilepora heldu gara. Gurutze bidean bide desberdiñak ikusi ditugu. Guztiak hasi ditugu (ona zein zen ez bait genekien) eta azkenekoa izan da nahi genuena (beherantz doana). Hortik hartu dugu eta Intsustiraino heldu gara. Han, laritz eta pagopean eta iturri eder baten ondoan hamaiketako legea egin dugu. Gero jarraitu dugu Eniriorantz eta laister, Errekabeltz pasatuta, Gaiñeta, Malkorri eta Uarrain agertu dira gure aurrean.
Atzera begiratuta, Sarastarripetik egin dugun bidea ikusten da. Hementxe Sarastarriko gandorra.
Behiak, saroiak, larreak... Enirio bideko punturik altuena da. Hortik aurrera beherantz joango gara. Horrela heldu gara Jentilarriko trikuharrira.
Gutxira bailarako jaitsiera ikusi dugu. Hortxe Usurbe eta, bere magalean, Beasain eta Ordizia.
Itzultzeko Jentileen Galtzada hartu dugu.
Hortik Aralegiko lepoa ikus dezakegu: hondoan ikusten diren bi baserri txuri horietatik pasatu gara igotzean.
Galtzada ondoko aterpe batean pintada hau ikusi ahal da: Viva la Pepa - 1927. Ez dakigu data egiazkoa den.
Piskanaka Aralarreko tontorrak atzean geratu dira.
Orain Kobaegiko parajeak (igotzean egin ditugunak) beste aldetik ikus ditzakegu.
Zaldibiara hurbiltzean Txindokiren irudiak oso ederrak dira.
Eta Zaldibiara heldu gara sargoripean.
No hay comentarios:
Publicar un comentario